XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KRISTO TA ELEIZEA

Lengo egunean, San Jose bezperan, Bilboko trenean aldarrika berba egiten joan ei zan gizon bat, urrengo eguneko bigilia dala ta ez dala.

Garizimako barikuetan aragixtea, Jesukristok berak agindu ebala.

Obispoak, Jainkoaren aginduen kontra joateko eskubiderik ez daukela.

Komuniño aurreko barua kentzea naikoa ez baillitzan, orain aragixteak-be kentzen asi direala.

Obispo Jaunaren baimena goraheera, San Jose egunez berak bigilia egingo ebala. Eta abar eta abar.

Nik ez dakit zegaitik, baiña auxe da egia: Zoritxarrez, gaur eguneko kristiñauak ez deutsoe Eleizeari bear dan besteko lotsarik gordetan.

Italian komunismoa txarra dala ta ez dala, Frantzian abade langilleak ondo egin dabela ta ez dabela, Euskalerrian eleizako eskabideak larregi direala ta ez direala, oraingo kristiñau askok ez deutse Eleizako Agintarieri jaramon aundirik egiten.

Euren ustez, egon leiteke Kristotoren alde, Eleizearen agindueri kontra egiñarren-bere.

Euren eritxiz, Kristoren buztarria ariña da; Eleizearena, barriz, astuna.

Obispoak oker egon leitekez.

Eta guk ez daukogu euren esanetara zetan egon bearrik.

Alantxe pentsau ta alantxe berba egiten dabe katoliko askok.

Ain zuzen-be, kristiñau erlegiñoan, noizik noizera izan direan okerbide guztiak ortixek izan dabe etorburua.

Eta kristiñau fedea ausi daben hereje guztiak, Eleizako Agintarieri mukerrak erakusten asi zirean beti.

Arean-bere, aztu egin eben ebangelioan Jesukristok apostolueri eta euren ondokoeri esan eutsena: Zueri entzuten deutsueenak, niri neuri entzuten deuste.

Eta zueri jarkiten jatzuezanak, niri neuri gogor egiten deuste.

Gaurtik aurrera, Atxa ( Pedro ) izango da zure izena; eta Atx onen gaiñean eregiko dot nire Eleizea, eta areriroak ez jakoz sekula nagusituko.

Lurrean askatuten dozuen guztia, zeruan-bere askatua izango da; eta emen lotuten dozuena, an goian-bere lotua izango da.

Beiñolako herejeak, zatitu egin eben Kristoren Emaztearen Eleizearen jantzi ederra.

Gaurko kristiñau mukerrak, ostera, ausi egin dabe Bere Ordezkoaren Pio XII'garrenaren biotza.

Aspaldion makalik egon da Aita Santua.

Zarra da izan-bere.

Baiña urteakaitik baiño geiago, nunbaiteko kristiñauen bizimodu tematiagaitik gaixotu da.

Ez gaitezan izan gu olako kristiñauak.

Abegi onez artu daiguzan euskaldunok Aita Santu ta Obispo Jaunen erabagiak.

Okerrak direala uste izanarren.

Gure biotza odola dariola geratuarren.

Illunaldietan, ezer esan edo egin aurretik, aitortu daigun gure jakineza, eta joan gaitezan gauzak ondo erakutsi leikiguzan bategana.

Ez jaramon sasimaixueri.

Eutsi sendo fedeari. Euskaldun, fededun, Eleizea dagoan lekuan, antxe Kristo.